XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

(...) gizonezkoentzako zatia askoz handiagoa baita: harresiaren bi heren hartzen ditu gizonen eremuak, eskuineko herena emakumeenak.

Labezomorroak eguzkitan, horixe begitandu zait gizonezkoen eremuari egin diodan aurreneko behakoan.

Soldadu gutxi batzuen uniformeek zipriztin berdeak tindatzen dituzte, hala ere, txaketoi eta kapela beltzen itsasoan.

Berrehun bat lagun ari dira otoitzean, Tora bana eskuan, harresiari begira.

Buruarekin harria ukitzen dute zenbaitek, esku zabalduekin harresiari bultza bezala egiten diote beste batzuek.

Papertxo kiribildu bat harritzarren arteko hutsune batean sartu du haredi batek: Jainkoarentzat mezua.

Harriarteak betetzen direnean paperak jaso eta lur sakratuan ehorzten dituzte.

Harresitik urrunduxeago daudenek, burua makurtuz eta gerria tolestuz egiten dute otoitz, etengabe baietz esanez bezala.

Kantuan edo Torako testuak irakurriz, ozen mintzo dira Goi-goikoarekin gizonezkoak.

Ez kantu ez errezu ez dute entzuten, haatik, eskuinaldeko harritzarrek.

Mutu egin behar dute otoitz andreek, hitzerdirik egin gabe, emakume ahotsaren sentsualitatea oztopo baita otoitzerako, eta debekatua dago.

Kolore beltza tantaka baino ez da ageri, uniformerik ez baita emakume haredientzat.

Gona daramate guztiek eta ilea, daukatenek, zapi batez estalita dute.

Emazte haredi askok, izan ere, ilea larru-arras mozten dute ezkonduz gero, eta buru soila ileorde batez ezkutatu.

Emakume ezkonduak ez baitu eder agertzerik senarra ez den beste inoren aurrean.

Zenbat eta peluka itsusiago, hobe, beraz.

Eta zinez peluka itsusiak ikusteko aukera ematen du plazak.